XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Politikan, erlijioan eta hezkuntzan jendearen premia larriei erantzuteko direla esaten den jantziekin jazten dira planteamenduak maiz asko: jendeak zer nahi duen, hiritarrek zer behar duten, gazteek zer eskatzen duten...

Eskuharmen sozialeko beste arlo batzuk kanpoan utziz, argi dagoena da instrukzioko edo garapen funtzionaleko Programa bati gorputz emateko eta justifikatzeko erabiltzen diren premien gaiak funtsezko garrantzia hartzen duela hezkuntzan.

Izan ere, oker handirik gabe esan daiteke ezen pedagogiaren historian zehar sortzen joan diren hezkuntzako eredu desberdin guztiak horixe izan direla, une bakoitzean hezkuntzaren bitartez tratatu beharreko premia bezala ulertzen zirenen interpretazio desberdinak besterik ez.

Premia normatiboa

Bradshaw-ek egindako sailkapenera itzuliz, ikusten da interpretazio desberdinak eman daitezkeela hor ere, aipatutako premia-mota horien barruan.

Premia araugilea da denetan argiena.

Hezkuntzan, Programa Ofizialak, obligaziozko minimoen programa diren neurrian, adin jakin bateko ume guztientzat beharrezkotzat planteatzen diren heldutasun, ezagutza eta esperientzien maila horien ispilu nagusia izaten dira.

Premia eta exigentzia, beraz, hezkuntzaren ekintza nahitaez bideratzeko izango den erreferentzia orokorreko marko batean uztartzen dira.

Premia normatibo horien orokortasunean, hain zuzen, bere laborategiko suposamendu horietan aurkitzen da problemarik nagusiena.

Programa bat egiten duenarentzat, batzuetan beharrezkoa izaten da programa hori bere herrialdeko eta bere adineko subjektuengan detektatutako ezaugarri guztien sintesia azaltzen duen subjektu generiko baten erreferentzia erabiliz egitea.

Egia esan, ez luke balioko Programa egiterakoan halako edo bestelako talde sozial edo subjektu-kolektibo jakinengan bakarrik pentsatzen egotea.

Baina irakasleak praktikan jarri behar duenean, askotan gertatzen zaio subjektu idealik ez dagoela konturatzea.

Bere ikasleek, edo ikasleetako zenbaitek edo ez dute Programak suposatzen dituen heldutasun eta/edo ezagutzazko aurrebaldintzak betetzen, edo beren artean eta beren adineko beste subjektuen konparazioan oso interes desberdinak azaltzen dituzte, edo bestela zentroak ez ditu izaten suposamenduz izan beharko lituzkeen baliabideak, etab.

Premia sentitua

Premia sentituak beste problematika berezi bat azaltzen du.

Desiren maneiaketa sozial eta kulturala hain bortitza da gaur egun, zeren askotan, subjektuek esango dute beren ustez lortu dezaketen hori bakarrik desiratzen dutela, edo desiratzea ondo ikusia dagoela uste duten hori, edo esperientziaz berehalako probetxua ekarriko dietela badakiten hori.

Hezkuntza, ordea, subjektuengan desira berriak eta premia berriak ernetzeko gauza ez baldin bada, orduan horien gaur egungo egoera birsortzeko mailan geratuko da benetan.